TIPOTOKIAK / ESPECIEDESPACIOS hausnarketa proposatzaileari hasiera emateko jardunaldia. Sortzen Laguntzeko Guneen (SLG) egungo egoeren eta etorkizunen dimentsio arteko ateak zabaltzeko topaketa. Uneko guneen pluribertsoa arakatzeko bidaia, errealitate nagusietara lotzen gaituzten larrialdi eta baldintzatzaileak, logika eta mugak zeharkatuz, geure burua hortik haratago irudikatu ahal izateko. SLGen inguruko fikziozko lurraldeen esplorazio kolektiboa, etorkizun posible eta desiragarriak irudikatu eta aktibatzeko.
Arthur C. Clarke eta Stanley Kubricken imajinarioarekin jolastuz, “2050: Odisea en los espacios / 2050: Odisea espazioetan” jardunaldiak: 1) guneetan jartzen du arreta, hausnarketa espekulatiboaren xede diren heinean; 2) berehalakotasuna alde batera uzteko aukera ematen digun epe bat proposatzen du, urrunegi dagoen etorkizunera jo gabe; 3) sorkuntzarako espazio independente bat bideragarri egiteko ahaleginak dakarren odisea azaltzen du; eta 4) zenbait elementu sinboliko hartzen ditu lan egiteko-jolasteko-irudikatzeko balio duten metodologiak eta matrizeak sortzeko.
Jardunaldian zehar:
- SLGek beren eginkizuna betetzeko behar dituzten irizpideak, oinarrizko baldintzak eta ezaugarri nagusiak identifikatuko ditugu.
- Gune hauen erronka eta aukera garrantzitsuenen inguruan hausnartuko dugu, etorkizun horietarantz bideratuko gaituzten ekintzen sorburua diren narratiba mobilizatzaileak garatzen saiatzeko.
- Parte hartzaileen arteko interakzioa eta ezagutza ahalbidetuko dira, harremanen alderdiak eta adimen kolektiboaren aprobetxamendua sustatuz.
- Landutako guztia erregistratuko da eta lizentzia libreen bidez partekatuko da, prozesu hau eta beste batzuk modu irekian elikatzeko.
PARTE HARTU! KARRASKAN erakundetik deialdia egiten diegu SLGen bizi eta garapenarekin zerikusia duten eragile guztiei esplorazio zuzendu honetan parte hartu dezaten, horren barne direla sustatzaile eta kudeatzaileak, erabiltzaile mota guztiak eta baita beste interes talde batzuk ere (finantzatzaileak, lotutako zerbitzuen hornitzaileak, etab.). Gero eta ahots zein ikuspuntu aniztasun handiagoa lortu, orduan eta elikagarriagoa izango da bidaia. Hala ere, ontziaren espazioa kontuan hartuta, abenduaren 16rako 60 toki ditugu bakarrik. Beraz, parte hartu nahi baduzu, egin erreserba lehenbailehen.
