Honi buruz
Zergatik?
Herritarrek eta profesionalek sortzeko eskubidea balia dezaten ahalbidetzeko baldintzak
1
Kulturarako eskubideak barne du, besteak beste, (kontakizunak, imajinarioak, poetikak, harremanak…) sortzeko eskubidea, libreki eta partaidetza bidez balia daitekeena banakako eskubidea den heinean, baina baita komunitatean izatearen eta sortzearen berezko parte gisa ere.
2
Eskubide hori baliatzeko ezinbestekoa da hainbat azpiegitura, baliabide, programa eta zerbitzu izatea eta horietarako sarbide demokratikoa bermatzea. Hartara, modu dibertsifikatu eta banatuan, sorkuntza artistiko eta kulturalean lagunduko dute, era gutxi gorabehera egituratuan, sorkuntzaren alderdi eta dimentsio guztietan.
3
Horrek esan nahi du, besteak beste, zenbait ekipamendu behar direla, hots, Sortzen Laguntzeko Guneak (SLG) behar direla, sareko ekosistema aberats, anitz eta osagarri bat eratzeko. SLGei buruz hausnarketa kolektibo eta proposatzailea sustatzeko, hain zuzen, martxan jarri da TIPOTOKIAK / ESPECIEDESPACIOS lan-jolas taldea.

Zer dira SLGak?
Sorkuntza ahalbidetzeko ekipamenduen konstelazio anitza, hainbat testuinguru eta beharretara egokitua

Definizioa eta helburu nagusia
Sortzen Laguntzeko Guneak (SLG) ekipamendu fisikoak dira, eta herritarrek duten sortzeko eskubidea errazteko baldintza egokiak eskaintzeko helburua dute, sorkuntza hori libreki eta partaidetza bidez egiteko, bai maila profesionalean bai amateur moduan.

Baliabideak eta zerbitzuak
Eginkizun hori betetzeko, SLGek azpiegitura eta baliabide materialak eta immaterialak dituzte eskura eta askotariko zerbitzu eta programak eskaintzen dituzte, intentsitate maila edo maiztasun ezberdinekin, baina modu iraunkor eta egonkorrean. Sortzeko zuzeneko laguntza da gune horien jarduera nagusia, batez ere prestakuntza-espezializazioari, ikerketa-esperimentazioari eta ekoizpenari (saiakuntza-prototipatze edo postprodukzio faseak barne) dagokienez. Era berean, informazio, aholkularitza, laguntza eta gaikuntza zerbitzuak ere eskaintzen dituzte sarritan, finantzaketaren, administrazio eta kudeaketaren, lankidetzaren, bitartekaritzaren, sustapenaren, mugikortasunaren eta nazioartekotzearen arloetan. Horrez gain, zeharkako moduan, gune hauen arrakastaren arrazoia da harremanak, ekimenak eta testuinguruak modu arduratsu eta osasuntsuan ahalbidetzeko duten gaitasun alkimikoa, eta norberaren irudimena zein irudimen kolektiboa pizteko denbora sortzea.

Bere arrakastaren gakoa
SLGak mota askotakoak dira: ekoizpen artistiko eta kulturalerako zentroak, sorkuntzarako egonaldiak, kultura komunitariorako ateneoak, herritarren laborategiak, maker espazioak, eta baita erabilera anitzeko ekipamenduak, ekipamendu hibridoak edota beste gune batzuetan txertatuta dauden guneak ere, hala nola mediatekak, antzokiak, museoak edo bestelako espazio estrakulturalak, besteak beste,eskolak, osasun zentroak, kiroldegiak, klima babeslekuak, etab.

EdACen aniztasun tipologikoa
Gainera, askotariko ezaugarriak izaten dituzte ere: kokalekua, tamaina, titulartasuna, gobernantza, zerbitzu zorroa, hartzaile mota, espezializazio maila, lurralde irismena edo diziplina izaera, diziplina anitzeko izaera zein diziplina arteko izaera.

Ezaugarrien barietatea
TIPOTOKIAK taldeak arreta berezia jartzen du gune independente eta/edo sortu berrietan, oro har prekarietate endemikoa bizi baitute, bideragarritasunari eta jarraitutasunari buruzko ziurgabetasun handiarekin eta sortzen laguntzeko ekosistema instituzionalean egotearen egokitasunari buruzko etengabeko zalantzekin. Hala ere, arreta horrekin batera, SLG publikoekiko irekitasuna eta konexioa ere bilatzen dira, lankidetza loturak sustatzeko, formula mistoak bilatzeko eta berrikuntza aukerak sortzeko; hori guztia sortzeko eskubidea ahalik eta modu zabal, dibertsifikatu, irisgarri, ireki eta demokratikoan baliatu dadin lortzeko.
Erreferentziak
Sortzea da arakatzea, ikastea, berrerabiltzea, batzea, konbinatzea, inspiratzea, berriz nahastea, jolastea…
TIPOTOKIAK taldeak askotariko iturri eta erreferentziak baliatzen ditu gure hausnarketa elikatzeko (txostenak, liburuak, tresnak, dokumentalak, sareak, programak…). Jarraian jaso dira horietako zenbait, zerrenda ireki eta eguneragarri batean, lantalderako duten baliagarritasunagatik, kidetasunagatik edo hurbiltasunagatik:
-
“Sorkuntza sostengatzeko sistema baterantz Euskadin”, KARRASKANek Eusko Jaurlaritzarentzat garatutako txostena, 2019.
-
KULTURSISTEMA, ekosistema kultural eta sormenezkoak interpretatu eta mapatzeko plataforma, Conexiones Improbables erakundearena, KARRASKANek garatu zuen hasierako matrizea abiapuntu hartuta, 2017.
-
“SOFT [sormen fabrik taxi]”, Pink Gorillas erakundeak garatutako bideo ikerketa dokumentala, 2013.
-
“Puntos de Cultura: cultura viva en movimiento”, Celio Turino, RGC Libros, 2013.
-
“Cultura ingobernable”, Jazmin Beirak, Planeta Libros, 2022.
-
“La cultura no es una autopista, los museos podrían ser jardines”, Lucía Egaña Rojas eta Giuliana Racco, 2024.
-
“Plan de Derechos Culturales. El futuro es un acto cultural”, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, 2025.
-
Civímetro, herritarren laborategiak ebaluatzeko tresna-gida, CivicWise erakundeak garatua, 2020.
-
InfraMantenimiento, azpiegituretako esku hartzeari buruzko ikerketa praktiko eta aplikatua, Hangar erakundeak garatua, 2023.
-
Sorkuntza garaikideko espazio independenteen plataforma eta haren VIVACES topaketa, Intermediaen 2025eko otsailean egin zena.
-
xarxaPROD, Kataluniako sorkuntza eta ekoizpen guneen sarea.
-
Kataluniako Ateneo Kooperatiboen Sarea eta “Guía de Autogestión Comunitaria” Ataneu BNord-ek 2024an argitaratua.
-
Sorkuntza Lantegiak, Bartzelonako Udalaren programa.
-
“Residencies Exchange”, Hablar en arte-ren argitalpen kolektiboa, 2019.
-
TABAKALERA egonaldiak, Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioaren programa.
-
Kultura eta herritarrak eta Kultura eta landa eremuak mapak eta direktorioak.
-
“Directorio de Fábricas de la Creación en la Unión Europea”, Consonnik zuzendua Eusko Jaurlaritzarentzat, 2011.
-
“Sorkuntzarako guneen mapa 2016”, Kulturaren Euskal Behatokiarena, 2016.
-
“Prácticas inspiradoras de las artes vivas en Iberoamérica. Mapeo (de) (das) (las) un sector (en) (na) transformación”, Bartzelonako Grec Jaialdiak finantzatua, 2021.
-
Estatu mailako sareak, hala nola El Cubo Verde landa eremuetako ekimenetarako, Red de Espacios y Agentes de Cultura Comunitaria (REACC) eta wiki-a CulturaComunitaria.
-
Europako sareak, hala nola Trans Europe Halles (TEH), European Network of Cultural Centres (ENCC) edo European Network of Living Labs (ENoLL).

Garrantzitsua iruditzen zaizun erreferentziaren bat helarazi nahi badiguzu, idatzi coordinacion@karraskan.org helbidera, “Referencia ESPECIEDESPACIOS” gaiarekin.

