Helburuak
Gaur egunetik, errealitate kokatuei arreta jarrita, baina kolektiboki eta proposatzeko asmoarekin irudikatzen diren etorkizunak sortzea

TIPOTOKIAK lan-jolas taldearen helburu orokorra Sortzen Laguntzeko Guneen orainari eta etorkizunari buruzko topaketa eta hausnarketa kolektiboa sustatzea da. Helburu hori proposamenak eginez landuko dugu, baldintza zehatzak eta errealitate kokatuak aintzat hartuta. Eragile anitzeko logika batetik eta sustatzaileen, kudeatzaileen, erabiltzaileen, finantzatzaileen eta interes taldeen parte hartzearekin. Lankidetza eta interdependentzia posibleak aktibatzeko balio duten aitorpen eta konfiantza harremanak sortuz.
Helburu horren oinarrian beste helburu zehatzagoak daude, besteak beste:

Ikusarazi
Dagoeneko abian diren SLGak eta horien aniztasun handia ezagutzera eman eta goraipatzea, sortzeko eskubidea baliatzen laguntzen baitute alderdi eta dimentsio guztietan.

Identifikatu
Aukerak, erronkak, osagarritasunak, gainjartzeak edo hobetzeko alderdi erkideak antzematea, hortik abiatuta elkarrekin lan egiteko, kualifikazioaren, dibertsifikazioaren, iraunkortasunaren, sendotzearen, berrikuntzaren eta/edo transferentziaren mesedetan.

Lagundu
Gune horiek antolatzen eta ekosistema batean dinamizatzen laguntzea: sarean egituratzea, partaidetzako ikuspegi estrategikoa, lankidetzako programa eta proiektuak, baliabide eta zerbitzu partekatuak edo eragin kolektiboko lanak.

Ko-imajinatu
Etorkizun posible eta desiragarriak elkarrekin irudikatzea, modu fikzional eta espekulatiboan, epe laburreko ikuspegietatik ahalik eta gehien aldenduz, eta errealitate nagusietara lotzen gaituzten larrialdi eta baldintzatzaileak, logika eta mugak alde batera utzita, alternatibak aktibatzeko oztopoa baitira.

Sortu
SLGen eta ekosistema osoaren garapena errazten duten tresnak eta baliabideak sortzea. Hona hemen tresna horietako zenbait: 1) SLGak definitu, aztertu eta/edo kualifikatzeko lagungarria den interpretazio matrize kontzeptuala; 2) oinarrizko baldintzen kontrol zerrenda, SLGek beren eginkizuna betetzen dutela ziurtatzeko jardunbide egokiak kontuan hartuta; 3) SLGen funtzionamendua eta sortzen dituzten efektu eta inpaktuak ebaluatzeko adierazle sistema txikia; eta 4) finantzaketa publikoa, finantzaketa publiko estrakulturala eta finantzaketa pribatua lortzeko gakoak eta indarguneak azaltzen dituzten argudioen multzoa.

